Irakurleekin > Bizkaiko ondarea zabaltzeko eskaintza
Kea
Antzerkia, bertsolaritza eta literatura idatzia uztartzen dituen ikuskizuna
Testu zaharretan murgildu ditugu Edorta Jimenez eta Juanra Madariaga. Haien hautaketan gai ugari irakurriko ditugu, hala nola: ekaia, erlauntza, denbora. Horiek guztiak biltzen dituen liburuxka argitaratu eta jendaurrean aurkeztu nahi dugu gu guztion gozamenerako. Zeri idatzi diete gure aurrekoek? Zergatik egin dute? Zer geratu da bazterrean? Eta zer geratu da idatzi barik? Galdera horiei erantzuteko antzerkia eta bertsolaritza harilkatuko dituen Kea ikuskizuna aurkeztu nahi dugu.
- Testuen aukeraketa: Edorta Jimenez eta Juanra Madariaga.
- Ikuskizunaren zuzendaria: Mikel Ayllon.
- Gidoilaria: Leire Vargas.
- Aktoreak: Aiora Sedano eta Irati Agirreazkuenaga.
- Bertsolariak: Miren Amuriza eta Uxue Alberdi.
Vargas
Itzulpengintza eta Interpretazio graduko ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Itzulpen-lan solte batzuk argitaratu ditu horren baitan. Poesia, fikziozko prosa, egunerokoak eta poesia idatzi izan ditu. Dena ametsa den irudipena du argitaratu zuen 2022an eta Bihotz museoa 2024an. Kultur adierazpide ezberdinak uztartu dituzten ikuskizunetan parte hartu, besteak beste Erre izenekoan Oihana Arana, Aner Peritz eta Haizea Aranarekin batera.
Madariaga
Euskal filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Berton jardun du urteetan irakasle. Gaur egun, ostera, Nontzeberri.com webgune kulturalean egiten du lan. 1988an, Bizkaiko Foru Aldundiko olerki saria irabazi zuen Imentzioaren Pergamuak izeneko poema bildumarekin. Harrezkero beste zazpi poema liburu plazaratu ditu. Orobat poeta da Juanra Madariaga, baina narrazioa eta kronika ere idatzi ditu, azken hau, bere beste pasioari hertsiki loturik: mendia.
Jimenez
Edorta Jimenez euskal literaturako idazlerik oparoenetakoa da. Genero asko landu ditu: poesia, ipuingintza, eleberrigintza, saiakera…. Omar Nabarro heteronimoarekin sei poesia liburu argitaratu ditu. Lan munduari dagokionez, gauza ezberdinetan aritu da: marinel, irakasle, telebista eta zinema gidoilari, itzultzaile eta idazle. Euskal kostaldea eta bertako literatura ezagutaraztea da bere egitasmoetako bat. Sail horretakoak dira, besteak beste, itsasoko trilogia osatzen duten Baleen berbaroa, Sukar ustelaren urtea eta Azeria eta lehoia eleberriak.
Amuriza
Miren Amuriza Plaza bertsolaria eta idazlea da. Euskal Filologian lizentziatua (EHU) eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua (UAB) da. Bertso munduari estuki lotua, plazetan, txapelketetan, Bertso Eskoletan zein bestelako emanaldietan. Irakasle (Mondragon Unibertsitatea) eta zutabegile lanetan aritua, hezitzaile gisa dihardu gaur egun. Haurrei zuzenduriko hainbat lan argitaratu ditu. Igartza bekaren eskutik kaleratu zuen helduentzako lehen lana: Basa eleberria (Elkar, 2019).
Alberdi
Uxue Alberdi Estibaritz idazlea eta bertsolaria da; ikasketaz, kazetari. Haurrentzako literatura eta helduentzako eleberria, ipuina, saiakera eta komikia argitaratu ditu. Literatura tailerren irakasle, iritzi artikulugile, itzultzaile, irakurle-taldeen gidari, letragile eta beste hainbat alorretan aritzen da lanean. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera Bertso Eskola Feminista jarri zuen abian.
Ayllon
Itzultzailea da ogibidez, nahiz aurretik ibilia den kazetari edo kultur programatzaile lanetan. 2013an, idazle berrientzako XVI. Igartza Beka irabazi zuen, eta hari esker, bere lehenengo nobela idatzi zuen: Ez tiro egin anbulantziei. Azken urteotan, antzerkigintzan ari da buru belarri Piszifaktoria Ideien Laborategia kolektiboaren baitan. Artearen adierazpide desberdinen arteko mugak ikertzea eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dituzte helburu.
EHUko doktorea da kazetaritza arloan. Egun Piszifaktoria Ideien Laborategiko kidea da Igor Arzuaga eta Mikel Ayllonekin batera.
Sedano
Antzerkian, telebistan eta zineman lan egiten duen aktorea da. Dantzari ere aritzeko gai da. Oso gaztetatik dihardu aktore lanetan eta adin guztietako zaleentzako lanetan hartu du parte, hala nola, Kukubiltxo, Hortzmuga edota Eidabe antzerki konpainietan.